|
Mungiako arkitekturaren barruan oso kontuan izan behar den elementuetako bat baserria bera da. Izan ere, eskualdearen ekonomia nekazaritzari sano-sano lotuta egon da mendeetan eta, orduan, zentzuzkoa da etxeak egiteko orduan gizakiez gain animaliak eta uztak gordetzeko moduko eraikinak sortu behar izatea. Horrela bada, euren eraikuntza lanetan berrikuntza tekniko eta formalak dituzten nekazaritza arloko etxeak aurkituko ditugu. Eurotako batzuk XVI eta XVII mendeetakoak dira eta, beraz, aberastasun handia ematen diote inguruari. Jakina, era horretako eraikinak areagotu egin ziren bandokideen etengabeko guden ostean bake eta gorakada ekonomikoaren sasoia etorri zenean.

Baserriotatik aipagarriena Landetxo Goikoa da, XVI mendearen hasieran eraiki zena eta Bizkaiko baserririk zaharrenatzat hartzen dena, eta beharbada, Euskal Herriko mendebalde osoan balio arkitektonikorik handiena daukana izango da.
Landetxo Goikoan eta beste baserri batzuetan ez da zuzena “herri arkitektura” izena erabiltzea. Obrako ofiziodun artisau eta zuzendariak dira, eraikitze arloko tekniken berri dutenak, euren Europako erdialdeko arotz maisuengandik ikasi dituztenak; izan ere, haiek ondo zekiten beste era batzuetako eraikinak egiten, beharbada katedralak, ezen XVI medea baino lehenagoko eraikinekin lotura duten elementuak baitituzte. Eraikin horien balio arkitektonikoa oso handia da eta euretan obrako plana eta teknika ikaragarri ondo menperatzen duten ofizialak bere agindura izan dituen arkitekto zuzendaria ibili dela erakusten dute.
 |
Eraikin honen egituran zeozer azpimarratu behar bada, lurraren arrasean baorik ez izatea da; goiko solairuan, ostera, leiho bikoitz bi ditu. Garrantzitsua da esatea eraikinean egur ugari erabili dela, fatxadaren goiko aldean gune hermetiko edo itxia sortzen duten ohol muntatuak daude. Beheko gunea, berriz, hamar pertsiana-orrik osatzen dute; erdiko zubia eta fatxada honetako beste elementu batzuk tailuz jantzita daude: opaitzur hozkak, diamante puntak eta perla-kateak. |
Baserri hau Mungiako eta Euskal Herri osoko bitxietako bat da. Gaur egun bisita gidatuak antolatzen dira etxea ikusteko eta, bide batez, Izenaduba-Olentzeroren Etxea parke mitologikoaz gozatzeko aukera eskaintzen da.
Mungian baditugu jatorrizko elementuak gordetzen dituzten XVI eta XVII mendeetako baserriak.
Atxuri auzoan bertan bata bestearen ondoan XVI mendean eraikitako baserri bi dauzkagu: Janera eta Lopene. Baserri horiek etxe-atzeko hormetan gotiko berantiarreko leiho bana dute. Landetxotik hurbil XVII mendeko baserriak ere baditugu, esate baterako, Atxuriko Ormetxe baserria. |

|
XVI eta XVII mendeetako beste baserri aipagarri batzuk ondokoak dira: Tellaetxe, Martategi, Agarre, Murua Goikoa eta Beazko.
|