Mungiak jatorri erromanikoko zubi bi ditu. Eurotako bat Torrebillela ondoan dago eta antzina Bilbotik, Txorierritik eta beste leku batzuetatik gure herrira zetozenentzako igarobidea izan zen. Zoritxarrez, aldaketa ugari jasan ditu eta, horren erruz, zeukan interes eta balioa galdu du. Birelan dagoenak, berriz, bere istorio berezia dauka, hau da, horren arabera, bertatik igarotzen zirenak preso hartzen zituen deabru edo sorgin baten oinak.
Butroi ibaiak zati bitan banatzen du herria eta antzinako argazkietan baino ezin da ikusi Olaldeko sei begiko zubi zaharra; gero, XX mendeko 70eko hirigintza lanek begi bakarrekora ekarri zuten zubi hori. Gaur egun ere ubideratze lan handiak egiten ari zaizkio zubi horri.
Erreka gainetako zubitxuak asko dira herrian; beharbada, bereziena harrizko Atxurizubi da. Ez dauka arkurik eta berorren egitura erabat errektangeluarra da. Zubi hau komunikabidea izan zen Txorierritik Atxuri auzora zegoen igarobidean.