|
Norentzat: San Migel Aingerua

Non: Jata mendian (Tallu), Zumintza baserriaren alboan.
Deskripzioa: solairu errektangularra (14,30 x 6,30). Agiriko harlangaitzezko hormak eta harlanduzko bazterrak. Bi isurkiko teilatua. Kanpaia hutsarte edo bao bateko kanpai horman, gailurrean harrizko hiru gurutze daukazana. Puntu erdiko arkuko atea Mendebaldean. Arku zorrotzeko atea Hegoaldean hiru arkiboltagaz. Arku zorrotzeko atea, altxatuta, kanpoaldean (I). Ekialdean dagoan absidean leiho bat, arkibolta bikotza daukan arku zorrotzean eginda, ginbel erromanikoak daukezan bi zutabek eusten deutsoela. Ginbel horretariko batek pinaburuak eta ira daukaz eta besteak gizaitxurako apaingarriak: arkibolta apainduak. Buztin egosizko baldosaz egindako zoladura edo behea. |
 |
Elizpea oinetan, zoladura edo behea harlauza handiekaz eginda; jezarlekua hormari itsatsita. Mendebaldeko ate alboan harearri landuaz egindako pontea, apaingarri geometrikoak daukazana.
Barruan, presbiterioan, hormagaz bat egindako zutabeak, landare-apaingarriak dabezan estilo erromanikoko ginbelak daukeezanak. Honeek kainoi ganga apur bat zorrotz bati eusten deutsoe. Punto erdiko arku erdi zorrotz batek banatzen dauz presbiterioa eta nabea
.
Irudiak: San Migel Aingerua; San Migelen beste irudi bat bere bai, egurrez egina eta igeltsoz estalia; Amabirjina eta umea.
Jaiak, elizkizunak eta sineskerak: irailaren 29an, San Migel Aingerua egunean. Meza nagusia eta erromeria. Lehen abuztuaren 29an ospatzen zan, Sanjuandolas (San Juan Lepamoztua) egunean. Bakiotarrak izaten dira batez ere bertaratzen diranak.
Antzina, absidearen atzean, buztinezko zazpi potiko ei egozan lur azpian, barruan urrea eukeenak (zazpi potiko lurrezkoak, urrez beterik); zazpi mandotan eroan ei ebezan Frantziara.
Antzina bere, letaniak eta olio-eskaintzak egiten ziran.
Historia: lehen barri idatziak XVI. gizaldikoak badira bere, XII-XIII. gizaldikoa izan daiteke. Urtetan abandonatuta, oso belu konturatu dira bere balio artistikoagaz. Bizkaian arte erromanikoaren lau erakusgarri baino ez dagoz; horreetariko bi Zumetxagako hau eta Bakioko San Pelaio dira.
|